KRONOLOGIA: 22.000-20.000 urte

Milaka urteetan zehar erabilitako ehiza eta erritual gunea.

Debako udalerrian aurkitzen den haitzulo xarmanta, Azkoitiko Munibe Arkeologia Taldeko kideek aurkitu zuten 1967an eta 2005etik ari dira bertan induskatzen. 2006an gutxienaz 22.000 eta 20.000 urte bitartean dituzten arte adierazpenak aurkitu ziren, Solutre aldikoak. Irudiak aztarnategi arkeologikoaren inguruan daude, sarreratik nahiko hurbil, baina egun argitatik gordeta. Gutxienaz 16 marra pare paralelo aurkitu dira, zaldi bat izan daitekeen orban beltz bat eta giza jatorrikoak diren edo ez zalantzak sortzen dituzten marka batzuk ere bai. Arte “ekarpen” garaikideak ere baditu. Marra paralelo gorriak “horma ukitze” erritualekin lotuak izan dira, kultura askotan ohikoa da atzamar margotuekin hormak ukitzea naturaz gaindiko indarrekin harremanetan jartzeko. Harkaitzen arrakaletan gizakiak propio jarritako animalia hezurrak aurkitu dira, agian nolabaiteko erritualen baten seinale. Behe Paleolito, Erdi Paleolito, Goi Paleolitoaren azken fase, Epipaleolito eta Brontze Aroko okupazio aztarnak aurkitu dira bertako aztarnategi arkeologikoan, beraz, denbora tarte oso zabal batean zehar erabilera izan duen kobazuloa da. Paleolitoan zehar noizbehinkako babeslekua izan zen, agian erritualetarako lekua, Brontze Aroan ehorzketa leku bihurtu zen. Kobazulo honi loturiko zenbait kondaira entzun daitezke, azken mendeetan koba abereak gordetzeko erabili izan da eta hormetako marra beltz batzuk XV. eta XVI. mendeetakoak direla frogatu da.

Deskribapena:

400 metro inguruko garaieran aurkitzen da, mendi hegal malkar eta harritsu batean kokatzen da, hego ekialdera orientatua, Goltzibar errekaren arroaren goiko partean, badirudi ehiza leku espezializatu bat zela Goi Paleolitoan.

Gaur egun sarrera astigar zuhaitzez inguratua dago, posible da garai batean haitzuloak beste sarrera bat ere izatea eta hau gar egun harri-jauzi batek itxita egotea.

Sarrera estu batetik igaro ondoren, koba beherantz garatzen da, gizakien bizilekua izandako gunea ezkerreko hormaren kontra kokatzen da.

Aztarnategi arkeologikoaren aurrean areto nahiko zabal bat dago, aurrera jarraituz berriz, galeria malkar bat aurkitzen da, bere bukaeran ur putzu batekin.

Related Projects
Kontaktua

Edozein zalantza argitzeko harremanetan jarri.
Para resolver cualquier duda ponte en contacto con nosotros.

Not readable? Change text.

Start typing and press Enter to search