KRONOLOGIA: 14.000-13.000 urte
“Zaldi multzorik perfektuena labar arte guztian” 2008an UNESCO-k Gizateriaren Ondare deklaratua.
Debako udalerrian kokatua, bertan “zaldi multzorik perfektuena labar arte guztian” bezala izendatua izan den labar arte multzo bikaina gordetzen da, duela 14.000-13.000 urte inguruan datatu izan dira, Madeleine aldian (duela 15.000-8.500 urte). Arte lanak 1969ko ekainean aurkitu zituzten Antxieta Kultur Elkarteko bi kidek eta betidanik publikoarentzat itxita mantendu izan da. Gaur egun bertako irudiak kopia baten bidez bisitatu daitezke Ekainberrin. Bertako irudien artean zaldiak dira nagusi, baina bisonteak, hartzak, oreinak edo arrainak ere ikusi daitezke. Gizakia Ekaingo haitzuloan bizi izan zen ia Goi Paleolito osoan zehar, duela 30.000 urte ingurutik duela 8.000 urte ingurura, momentu horretan sarreran harri-jauzi bat gertatu eta lekua itxita geratu zen. Oreina eta basahuntza ehizatzera etortzen ziren Homo sapiens ibiltariek okupatzen zuten.
Deskribapena:
Kobazuloa Ekaingo muinoaren magalean aurkitzen da, bi erreka elkartzen diren eta harana nabarmen estutzen den gune bat menperatuz, ehizarako zelata leku bat izan zitekeen.
Irudiak lau gune nagusitan banatzen dira, Auntzei, Zaldei, Artzei eta Azken Zaldei deituak. Gizakien eguneroko bizitzaren aztarnak sarrerarako partean aurkitu dira, behin sarrera tunela gurutzatuta, margoak dira giza aztarna bakarrak.