KRONOLOGIA: 300.000-25.000 urte
Euskal Herrian aurkitu diren aztarna arkeologikorik zaharrenetakoak. Neandertalen aurrekaria izandako Homo heidelbergensis deiturikoak tailer bezala erabilitako kanpalekua.
Behe Paleolitorako Euskal Herrian dugun aztarnategi garrantzitsuenetako bat da, aire zabalean eta piezak bere testuinguruan direla aurkitzen den bakarra. 1996an Antxieta Kultur Elkarteko kideak ura eramateko hoditeria baten lanei begira jarri ziren Zestoako zelai batean eta gure lurraldean aurkitu diren aztarna arkeologikorik zaharrenetako batzuk aurkitu zituzten. Homo heidelbergensis espezieko gizakia, azken ikerketen arabera Neandertal gizakiaren aurrekari genetikoa izan daitekeena, Urola ibaiaren gune honetara hurbiltzen zen tresnak egiteko materiala jasotzera, bulkanita deituriko mineral mota bat. Ibaiaren inguruko lur eremu lauetan ezartzen zuten euren kanpalekua eta materiala lantzeko tailer bihurtzen zen, aztarnategian jarduera horren aztarnak aurkitzen dira. Goi Paleolitoan ere hurbildu zen gizakia inguru honetara, horren lekuko da 2011ko indusketa kanpainan aurkituriko harrizko zintzilikari bat, duela 25.000 urte inguru datatua, Gravete aldian. Irikaitz berezi egiten duen elementua aire zabaleko kanpaleku bat izatea eta materialak jatorrizko posizioan aurkitzea da, Euskal Herrian aurkitu izan diren Behe Paleolitorako aire zabaleko aztarnak ibaien terrazetan topatu izan direlako, leku horietara ibaiko urek garraiatuak izan ondoren. Bertako industria erabat harrizkoa da, inguruko lurrak azidotasun maila handia du eta oso denbora gutxian hezurra edo adarra bezalako materialak jan egiten ditu, beraz, ez du ematen adibidez zer ehiza mota egiten zuten ezagutzeko denborarik. Bertan aurkitutako ikatzaren eta polenaren azterketak berriz, garaiko landaredia ezagutzeko aukera ematen du.
Deskribapena:
Aire zabaleko aztarnategi bat da, Zestoako Bainuetxe Hotelaren ingurutik Lau Iturriko eremuraino gutxienaz zabaltzen dena, gutxienez 80.000 metro karratuko espazio bat okupatuz. Urolako trenaren trenbideak mozten du. Urola ibaira material bila hurbiltzen ziren giza talde ibiltarien kanpalekua izango zen. Indusketa arkeologikoak trenbidearen gaineko zatian kokaturiko bi eremutan egin dira eta lekuak negutegiek babestuta daude.