KRONOLOGIA:  22.000-15.000

Euskal Herrian gutxi ezagutzen den aro bateko labar artea: zaldiak, oreinak eta uroak.

2015ean Sastarrain bailaran, Ekaingo kobazuloaren inguruan, Zestoa eta Debaren arteko mugan, irudi grabatuak aurkitu ziren lehendik ikerturik zegoen kobazulo batean. Erlaitz 1978tik ezaguna zen, orduan aurkitu zuten Antxieta Kultur Elkarteko kideek, baina momentu hartan ez zen marrazkirik identifikatu. Irudiak duela 22.000 eta 15.000 urte inguruan eginak izan daitezke, Solutre aldiaren bukaera eta Madeleine aldiaren hasieran. Euskal Herrian gutxi ezagutzen den aro bateko labar artea ezagutzeko oso interesgarria izango da. Gutxienaz zortzi animalia irudi zizelatu daude, gehiago izan daitezkeen arren, zaldiak, oreinak eta uroak identifikatu dira. Grabatuak kobazuloaren goiko partean dagoen galeria baten aurkitu dira, iristeko oso zaila den leku batean. Goiko parteko areto batean marra beltzak eta kolore gorrizko pilaketak aurkitu dira, kobazuloaren beste eremu batzuetan ere antzekoak agertu daitezkeela pentsatzen da Irudiak harrizko tresna batekin eginak dira, ziurrenik zulakaitz batekin, zabalera ertaineko trazua dute, bi edo hiru milimetrokoa. Haitzuloa bi garai desberdinetan helburu desberdinekin erabili zela dirudi, Goi Paleolitoan bizilekua izan zen, horren lekuko den harrizko eta hezurrezko industria dago. Milaka urteko utzialdiaren ondoren, Brontze Aroan lurperatze gune bat bihurtu zela dirudi, gutxienaz lau gizakiren hezurrak aurkitu dira, bi heldu, haur bat eta jaio gabeko haur batenak. Azaleko materiala jasotzean, giza hezurdurez gain, zeramikazko ontzi bat, maskorrezko apaingarri bat eta ugaztun, hegazti eta muskuiluen aztarnak aurkitu dira.

Deskribapena:

Kobazulo txikia da, oso sarrera estua duena, Sastarrain errekaren inguruko garaiera batean kokatzen da. Bere galeriak solairu desberdinetan irekitzen dira eta errepresentazioak goikoetan daude.

Related Projects
Kontaktua

Edozein zalantza argitzeko harremanetan jarri.
Para resolver cualquier duda ponte en contacto con nosotros.

Not readable? Change text.

Start typing and press Enter to search